Publizitateaz
hitz egiten den guztietan zalantza bera azaltzen zaigu: publizitatea
gizartearen ispilu hutsa ote da, haren baloreak, irudiak, motibazioak, etab…
jaso besterik egiten ez dituena? Ala, alderantziz, publizitatea ote da, bere
diskurtso sarkorraz baliatuz, gizartearen portaera mugatzen duten jokamoldeak
eta balore multzoa sortu eta erakusten dituena?
Publizitate sexista publizitate komunikazioaren efektu maltzur eta ez guragarria da. Publizitate komunikazioaren profesional eta beste faktore sozial eta politikoak egon arren, publizitate sexista iragarki askotan aurki dezakegu. Gizarte pluralista eta demokratiko batean emakumea ezin da ondare eta produktuen merkaturaketarako erabili.
Euskadin egidako publizitatean emakumeari tratamendu berezia ematen ote zaion planteatuz gero, nolabaiteko berezitasunak nabari badira ere, bigarren mailakoak eta bereizten oso zailak direla esan beharra dago. Euskadin egindako berariazko kanpaina sonaturik izan ohi ez denez, eta egiten direnek izaten duten gizarte eragin txikia aintzat harturik, ezin dezakegu puntu hori buruzko ondoriorik atera.
Gure komunikabideetan agertzen den publizitate guztia edo ia guztia -marka edo establezimendu jakin bat bultzatzeko egin ohi diren tokian tokiko iragarkiak salbu-, Espainiar Estatutik etorritako publizitatea izaten da edo, bestela, haren formulak erabiltzen ditu, hau da, testuinguru zabalagoetan, Europan eta, sarritan, mendebaldeko mundu osoan ere, nagusitutako joerei jarraitzen dieten formulak hain zuzen. Gauzak honela, Euskadin zabaldutako publizitatean ageri den emakumearen irudia eta Estatuko gainontzeko tokietan ageri dena berdintsuak direla esan dezakegu.
Emakumezkoak
publizitatezko mezuetan nola agertu ohi diren aztertzerakoan abiapuntutzat
hartu dugun planteamendua ez da haiek emakumezkoen gizarte errealitateari
egokitzen zaizkion ala ez epaitzeko planteamendua, ikuspegi deskriptibo batetik
bereizkeria erakusten duten mezuak azaltzen saiatuko gara, aldi berean
publizitate mezuetatik proposatzen diren estereotipo femenino ezberdinak ikusiz.
Emakumezkoak
publizitatezko iragarkietan nola agertzen diren aztertzeko era egokiagoak ere
egongo dira dudarik gabe. Gure aldetik, ikuspegi orokor bat eskaini nahi izan
dugu, hau da, emakumezkoak emakume izateagatik publizitatezko mezuetan jasaten
duten bereizkeriaren nolakotasuna eta zenbaterainokoa mugatzeko baliagarria
gerta daitekeen ikuspegi orokorra alegia.
Hortaz,
mezuak matizaziorik gabe jorratuko ditugu, izan ere, alderdi horien azterketak
ikerlan zehatzagoa eskatzen baitu eta denbora askoz ere gehiago eman beharko
genuke. Gainera, gure helburuetatik aldendu egingo ginateke, eta gure helburua
publizitatean erabilitako estereotipo femenino ezberdinak erakustea baino ez
da. Horrela bada, publizitateak emakumezkoak nola erakusten dituen
aztertuko dugu, hauek agertzen direneko publizitate arlo ezberdinak
erreparatuz.